Irudiak1

ETXERAT. Joan den asteburuko gertaera larriak salatu ditu gaur Hernanin Etxeratek. Kordobara zihoan furgoneta pistolaz geldiarazi zuen Guardia Zibilak. Masiboa izan den prentsaurrekora Mirentxin elkartasun kolektiboko furgonetak, zein egoera hori pairatu zuten bi gidariak izan dira, lekukotasunak eskainiz. Jarraian, Etxeraten adierazpenak dituzue:

 

"Joan den larunbatean, goizeko lauretan, Guardia Zibilaren kamuflatutako bi kotxek, armak leihatilatik aterata, Kordobara bisitak egitera zihoan euskal preso politikoen senideen furgoneta geldiaraztera derrigortu zuen autopista erdian. Furgonetan zeuden sei pertsonek ikusi zuten nola armak eskuan zituzten lau agente korrika hurbiltzen zitzaizkien. Antza oso urduri zeuden agenteak. Ibilgailuko ateak ireki, gidariari pistola buruan jarri eta kanpora atera eta lurrean etzatera derrigortu zuten. Gauza bera egin zuten bere kidearekin, eskuburdinak jarrita eskuak bizkar atzean jarri zizkioten, eta agente bat bere gainean jarri zen, asfaltoaren kontra mantenduz. Operatibo antiterrorista bat zela oihukatuz, Mirentxin Elkartasun Kolektiboko bi gidariak lurrean geldiarazirik mantendu zituzten, eta pistolekin ere apuntatuz, errepidera ateratzera derrigortu zituzten bidaiatzen zuten lau senideak.

Une oso gogorrak izan ziren: oldarkotasunak eta agenteen urduritasun eta asaldurak, edozein momentutan euren bizitzarekin bukatzera eraman zitzaketela pentsatzera eraman zituen senide eta gidariak. Jarraian, lehen pertsonan gertaera hau sufritu zutenek kontatuko diguten bezala.

Geroago, Guardia Zibilek akats bat izan zela esan eta erretiratu egin ziren. Halere, furgoneta ia ez zuten erregistratu, ezta bidaiariak identifikatu ere.

Aurretik, Kordobako espetxerako bi ordutik gorako bidaia geratzen zen, bi ordu bolantearen aurrean urduritasunak jota, ezarria den arrisku bat handituz. Horrez gain, bueltako 10 orduko bidaia geratzen zen, nekea, arriskua eta tentsioa gehituz.

Irudiak

Akats bat izan zen? Ohituegiak gaude gure senideak bisitatzeko ex-profeso antolatutako kontroletara, “zorizkoak” diruditen beste batzuetara non gu bakarrik gelditzen gaituzten, ohituegiak jazarpen eta jarraipen polizialetara, gertaera hauetan akats sinple bat baino ez ikusteko. Ez da gure bizitzak arriskuan diren lehen aldia. Errepidetik atera gaituzte, jarraituak izan gara, erasotuak... eta kasu hauetako bakar batek ere ez, ez du jaso artxibapen sistematikoa baizik, bertan behera geratu dira. Sarritan ematen diren gertaera hauetan, bidaiei beldurra, tentsioa eta neke psikikoa gehitzeko borondatea ikusten dugu guk; bidaiak zailtzeko eta are gogorragoak egiteko asmoa ikusten dugu; dispertsioaren beste aurpegi asko ikusten ditugu.

Gertaera honen indarkeria zuzenean sufritu zuten Mirentxineko bi gidariei elkartasuna adierazi nahi diegu Etxeratetik, eta gure errekonozimendua eskaini, dispertsioaren karga arintzeko egiten duten lanari. Gertaera honen jatorri edo zergatian, astebururo euren furgonetetan, bolantearen aurrean, eskaintzen diguten lan solidarioa eta bermea daudela baino ezin dugu pentsatu.

Komunikabideek gure errealitatea isilarazten jarraitzen duten bitartean, dispertsio politikak blindatua jarraituko du. Gizarteak bere aurpegi ugariak ezagutu ditzan behar dugu, bere inplikazioak eta bere ondorio latzak. Indar politikoek, sindikatuek eta eragile sozialek gure egoeraz jabetu eta horren arabera jardun dezaten behar dugu. Dispertsioa desaktibatzeko euren konpromisoa behar dugu. Egungo kartzela politikaren zigorgabetasuna eta arbitrariotasunei muga jartzeko benetako pausoak eman ditzaten behar dugu.

Irudiak3