Presoak euskal espetxeetan baleude, senideek ez lukete bidaiatzeko beharrik izango

Bederatzi senideri administrazio espedienteak ireki dizkiete presoak bisitatzera joateagatik

ETXERAT (2020-XI-3). Pasa berri den asteburu honetan, euskal presoen senitartekoek eta hurbilekoek hainbat arazo izan dituzte bisitak egin ahal izateko Estatu espainiarreko espetxeetara egiten dituzten joan-etorrietan, arazo hauek pandemiak eragiten duen errealitate korapilatsuari gehitzen zaizkio.

Puerto I, Puerto III eta Avilako espetxeetara joan ziren bederatzi senideri administrazio-espedientea ireki diete, perimetroan itxitako lurraldeak zeharkatzeagatik. Teruelgo espetxean senide batek bisita galdu zuen, larrialdi-egoerarengatik baita ere.

Inork ez du konfinamendurik hautsi. Senideek bidaia egiteko arrazoi justifikatuak frogatzen zituzten agiriak eraman dituzte: bisita baimenduen egiaztagiria eta, gainera, ondoren, bisita egin izanaren egiaztagiria, espetxe guztietan emana, Granadan izan ezik.

Gaur egun, 187 presotik 170 baino gehiago EAEtik eta Nafarroatik kanpoko espetxeetan daude. Euskal presoen senide eta hurbilekoei egoera hau bizitzera behartzen diete; presoak euskal espetxeetan baleude, espetxe-legeak aholkatzen duen bezala eta ziklo politiko berriak zehazten duen bezala, ez lukete bidaiatzeko beharrik izango ezta Estatu espainiarrean hainbat lurralde zeharkatzekoa ere.

Estatu espainiarreko espetxeetan, Covid-19 dela eta, komunikazioak murriztu edo bertan behera utzi zirenetik 10 hilabete igaro dira dagoeneko. Frantziako espetxeetan gertatzen dena ere oso zaila da senideentzat, non, gainera, hizkuntza ez ezagutzearen arazo erantsia duten. Azken batean, egoera jasanezina da, euskal presoei eta haien senideek etengabe ziurgabetasuna jasaten baitute.

Berriro diogu euskal presoak lehenbailehen Euskal Herriko espetxeetara eraman beharko dituztela, Zaballara, gero eta handiagoak baitira kartzelaratutako pertsonek eta haien familiek jasaten dituzten urruntzearen ondorio konponezinak.

gasteiz.jpeg