sinadurak.jpg

ETXERAT. Gaur Nafarroako Parlamentuko presidentea den Ainhoa Aznarekin bildu da Foro Soziala, presoak gerturatzeko helburuarekin lan munduan Ireki dinamikaren baitan jasotako 80.299 sinadurak emateko. Horietako 19.532 sinadura Nafarroako langileenak direla nabarmendu izan diote.

Etxerat Elkartea, Foro Sozial Iraunkorreko partaide garen heinean, presente izan da gaurko bileran. Foro Sozialaren delegaritza Juanje Soria, Expe Iriarte, José Luis Uriz, Terexa Fagoaga eta Etxerat Elkarteko koordinatzailea den Gorka García Sertutxak osatu dute. .

Preso eta iheslarien itzulerari buruzko IV. Foro Sozialaren ondorioen berri eman dio Foro Sozialak Aznarez andereari. Ondorioak  pasa den maiatzaren 18an aurkeztu ziren Iruñeko Tres Reyes Hotelean. Zehazki, ibilbide-orri integral bat aldarrikatu zuen bertan Foro Sozialak, akordio transbertsal eta inklusibo batean oinarrituta.

EPPKren eztabaidaren emaitzari buruzko azterketaz mintzatu dira bileraren gai-zerrendan, bi aldeen oniritziarekin.

Aznarez andereak arreta handiz entzun ditu Foro Sozialak egindako gogoetak:

Presoen Kolektiboaren erabakia ibilbide-orriari egindako ekarpen kualitatibo garrantzitsua da Foroaren ustetan eta kuantitatiboki ere ekarpena garrantzitsua da, erabakia kideen gehiengo zabalaren babesarekin hartu baita. Emaitza honen ondorioz Kolektiboak hartuko dituen iniziatibak bat datoz gizarte zibilak egiten dituen eskaerekin.

Prozesu osoaren gardentasuna nabarmendu ondoren, erabakiaren garrantzia azpimarratzeko eta bere ondorioz irekitzen dituen aukerak nabarmentzeko orduan alderdi guztien artean egon den adostasuna txalotzen du Foro Sozialak. Orain arte ezezaguna zen adostasun maila lortu da eta hartu beharreko erabakiak lehenbailehen hartzeko eskatzen ari da gizarte zibila. Hasteko eta behin, alarma sozial gehien eragiten ari diren egoerei irtenbidea emanez: larriki gaixorik dauden presoen kaleratzea, alegia.

Aldeko giroa sortu da Foro Sozialaren hitzetan eta handira jokatzeko garaia da eta horretarako, akordio eta elkarrizketa giroan sakontzeko beharra dago. Inplikatutako alde guztien partetik: Nafarroako eta EAEko gobernuak, alderdi politikoak, sindikatuak eta gizarte zibila. Helburua garbia da: ibilbide-orria definitzea, zentzuzko epeetan eta bide egingarrietatik, presoak itzultzeko estrategia diseinatuko duena. Denok egin behar diegu ekarpena elkarbizitzari eta errekontziliazio prozesuari. Baita preso dauden pertsonek ere.