ETXERAT (2019-II-13). Etxerat Elkarteak dei egiten du gaur, otsailak 13, Ruben Garateren oroimenez Otxandion burutuko dugun elkarretaratzean parte hartzeko. Bide batez, datorren larunbatean, otsailak 16, Motxotegira igoeran omenaldia gauzatuko da. Senide eta lagunei deialdia zabaldu nahi diegu ekitaldi hauetan parte hartzeko.

Hemeretzi urte dira Ruben Garate 'Anselmo' hil zela, Alcala Mecoko kartzelan lagun bati bisita egin ondoren, auto istripu baten ondorioz.

400 kotxe istripu inguru pairatu ditugu euskal preso politikoen senide eta lagunok eta hori salatu nahi dugu gaur ere. Urrunketak 16 hildako eragin ditu, aitortuak izan ez diren 16 biktima. 

Sakabanaketa eta urrunketaren ondorioz hildakoen senide eta lagunen ondoan eta haien aitortzaren alde lanean egon da eta egongo da beti Etxerat. Dispertsio politikak eragin dituen 16 heriotza biktimen memoria eta aitortza aldarrikatzen dugu, haiek toki eta egoera horietan egotera behartu zituzten salbuespenak dispertsioak eragin baitzituen. Sufrikarioa behin betirako amaitzea nahi dugu eta gertatu dena, 16 hildako dispertsioaren eraginez, berriro inoiz gerta ez dadin bilatzen dugu.

anselmo.jpg