ETXERAT. Etxerat Elkartetik salatu nahi dugu, presoak bisitatzeko eskubidea bermatzearren, bidaia luze bezain arriskutsuak egitera behartatuta izaten direla astebururo ehundaka euskal herritar, preso politikoen lagun eta senideak. 16 hildako eta hainbat zauritu suertatu dira espetxeetarako nahitaezko bidai luzeetan.

Urteko lehenbiziko bi auto istripu gertatu dira joan den asteburuan. Batetik, Jaenen preso dagoen Premin Sanpedro euskal preso politikoaren bi anai eta gurasoek kotxe istripu bat jasan zuten larunbatean, Jaengo espetxera (800 km) asteburuko bisita egitera zijoazela. Aranda de Duero-tik gertu jazo da ezbeharra, aurretik zijoan kamioiaren gurpila lehertu ondoren, errepidean gelditu den gurpil zatiaren kontra jo zuten. Bestetik, Sevillan, etxetik 882 kilometroetara preso dagoen Iñaki Arakama euskal preso politikoaren iloba, bere mutil-laguna eta hirugarren lagun batek auto istripua jasan zuten larunbatean, arratsaldeko 18:00etan, Bejaren, Salamancan, asteburuko bisita egin eta etxera bueltarako bidaian. Autobidean txakur bat harrapatu ondoren, bolante-kolpeak jo behar izan zituzten kotxea bidetik ez ateratzearren eta, azkenik, hesia kolpatu ostean kotxea gelditzea lortu zuten.

Astebururo ehunka senide eta lagunek istripuak sufritzeko arriskua izaten dute espetxeetarako bidean eta hori onartezina da. Kotxe horiek, Sanpedro eta Arakamaren senide eta lagunen kotxeak, ez lirateke errepide horietan egon beharko. Hori da Etxeratek azpimarratu nahi duena. 28 urte beteko dira giza eskubideak urratzen  dituen urrunketa aplikatzen hasi zirenetik eta guri, presoen senide eta gertukoei, astero bidai luze eta arriskutsuak egitera behartutzen gaitu. Nahikoa da!

Mendekuan oinarritutako espetxe politikan aplikatzen diren salbuespen neurriak bere horretan mantentzen dituzte eta azkenaldian argitaratutako auto judizialek ez dute aldaketarik ekarri,. Batzuen aldetik egindako irakurketa interesatuak alde batera utzita, euskal preso eta haien senide eta lagunei kalte egitea dute helburu. Horregatik, euskal gizartearengan konfiantza osoa dugu salbuespeneko neurri horiek bertan behera geldituko dituela, Euskal Herria gai izango da Espainiar zein Frantziar Gobernuak inposatzen duen mendeku estrategiaren gainetik, giza eskubideak errespetatuak izan daitezen lortzea.

donostia.jpg