ETXERAT. Modu baikorrean hartzen dugu Sara Majarenas eta bere alaba, Izar, batera jarraitu ahal izatearen erabakia.

Honen harira, dena den, erabakia ez da inondik inora Etxerat Elkartetik giza eskubideen parametroetan defendatu izan duguna. Gure ustetan Sara eta Izar haien etxean, libre, egon beharko lirateke lehenbailehen eta hori lortzeko lanean jarraituko dugu tinkotasunez.

Ildo horretatik nabarmendu nahi dugu atzo Donostian "Izarrekin Sara etxera" lelopeko manifestazioan 5.000 lagunetik gorako parte-hartzea.Euskal gizartea gai izango da espainiar Gobernuak inposatzen duen mendeku estrategiaren gainetik, giza eskubideak errespetatuak izan daitezen lortzea.

Gure sostengua, besarkadarik beroena eta elkartasun osoa adierazi nahi diegu, berriro ere, bai Sara Majarenas eta Izar eta, bide batez, haien  senide eta lagunei. Euskal preso eta iheslari politikoen senide eta lagunak garen heinean, edozein arazo, edozein larrialdi suertatzen denean, dispertsioak eta urruntasunak preso eta iheslarien sufrimendua zeharo areagotzen dutela jakin badakigulako.