ETXERAT. Preso politikoen eta haien senide eta lagunen aldeko Gasteizeko azken ostiralek sindikatuen bermea dute atzotik. ELA, LAB, ESK, CNT eta Steilas sindikatuek hil bukaerako bertako mobilizazioei euren atxikimendua adierazi diote, atzo zabaldu zen manifestuarekin. Dispertsioaren amaiera exijitu eta euren kide eta orokorrean gizarte osoari azken ostiraletako kontzentrazioetan parte hartzera deitzen dute. “Giza eskubideak pertsona orori berez dagozkio eta ezin dira baldintza edo ordainen menpe egon. Egungo espetxe politika baliogabetzea premiazko eta ezinbesteko urratsa da konponbide eta bakearen bidean. Egoera honekin amaitzeko garaia da, orain inoiz baino gehiago, une honetan Euskal Herriko gehiengo politiko eta sindikalak dispertsioa eta urruntzearen amaiera, eskubideen urraketen amaiera eta senide zein lagunen sufrimenduaren amaiera eskatzen baitu”, erantsi dute.