ETXERATEuskal preso politikoen senide eta gertukoen alde iazko Tafallako jaietan egindako brindisan parte hartzeagatik, Fernando Sota, Oier Araiz eta Gorka Labaten kontrako epaiketa eta espetxe eskaerak salatu nahi ditugu Etxerat Elkartetik. Espetxe politika eta sakabanaketa salatzeagatik eta, bide batez, presoen senideei elkartasuna adierazteagatik hiru lagun hauen aurkako jazarpena ezin dugu onartu.

Terrorismoa goraipatzea leporatuta, Araiz eta Labatentzat bi urteko espetxe zigorra eskatu du fiskalak, sei hilabete gehiago Sotaren kasuan. Horren aurrean elkartasuna ez dela delitua esaten dugu ozen, are gutxiago, oinarrizko eskubideen eskakizuna baldin bada, kasu honetan, euskal preso politiko eta haien senide eta gertukoen eskubidetaz ari garelako.

Etxerat Elkartetik hiru lagun hauen askatasuna exijitzen dugu, eta horrekin batera, preso, senide eta gertukoekiko elkartasuna kriminalizatzea utz dezaten eskatzen dugu.