ETXERAT (2019-VIII-4). Bi milatik gora lagun mobilizatu dira gaur goizean Euskal Herriko 14 hondartzetan (Muskizetik Hendaiaraino) Etxerat Elkartearen deialdiari erantzunez. 

Hauek dira zenbakiak: Muskiz 150; Bakio; Laidatxu 85; Laga 30; Laida; Ea 150; Lekeitio 250; Ondarroa 320; Mutriku; Deba 170; Orio 150; Zarautz; Donostia 200; Hendaia 150. 

Euskal preso, iheslari eta haien senide eta gertukoek pairatzen dutena azalduz, eskuorrriak banatu dira.

Hego Euskal Herrian irakurritako testoa:

Euskal Herriko hondartzetan gaur gure presentzia egotea, estatu espainolak euskal gizartearekin daukan zorraren adierazle da.

Aurrera egiteko, konponbideak emateko eta bakeari, bizikidetzari eta etorkizunari ekarpenak egiteko garaia da, hala ere, Estatu espainolak gure egoera zigor gehigarri, xantai eta mendeku gisa mantentzen du, duela hiru hamarkadetatik hona.

Sufrimendu honek euskal gizartearen ehunka familiei, hau da, milaka pertsonei eragiten die; euskal presoen senide eta lagun hauek astebururo biktima potentzialak bihurtuz.

Urte honetan jadanik 6 istripu gertatu dira, euskal preso politikoen 13 senide izan dira istripu hauen protagonista eta haien artean 23 hilabetetako haur bat. Gainera aipatu beharra dago dispertsioa martxan jarri zenetik, duela 30 urtetatik, 344 kotxe istripu gertatu direla espetxera bidean; 937 pertsona (haien artean haurrak) zaurituak izan direla, kasu batzuetan ondorio larriekin eta 16 hildako izan direla istripu hauen emaitzarik bortitzena. Hau gutxi balitz, zifra hauek hilabetero goraka doaz. Istripu gehiago, sufrimendu gehiago.

Gure senide presoak bizi baldintzak eta osasun fisikoa eta psikikoa arriskuan jartzen dituzten salbuespenezko espetxe politika baten menpe daude. Uda honetan Jose Angel Ochoa de Eribe aske geratu da bere gaixotasun larriaren aukako tratamendua emateko. Hala ere, beste 20 senide ditugu oraindik ere Espainiako eta Frantziako espetxean gaixotasun larriekin eta hauek beraien inguruetara itzuli beharko dira inolako baldintzarik gabe era egokian tratamendua jaso ahal izateko.

Egoera honek zertan laguntzen du? Zeini egiten dio mesede sufrimendu honek? Euskal gizarteak lortu nahi duen bake eta bizikidetzari zer ekarpen egiten dizkio?

Ezin dugu ahaztu irailaren 16an 11/13 sumarioaren epaiketa hasiko dela, bertan 47 euskal herritar epaituak izango dira presoen alde lan egiteagatik; haien artean 2 senide aurkitzen dira eta Etxerat elkarteko bozeramaile izateagatik epaituko dituzte, eginkizun hauek beti publikoak izan diren arren.

Gure elkartasun eta laguntzarik zintzoena eskaini nahi diegu 47 auziperatuei eta haien senideei ere, garai berri hauetan testuinguru zaharreko larritasuna bizi duten 47 familiei eta bereziki gure lankideak izan diren Izaskun Abaigar eta Nagore López de Luzuriagari.

Lan egiten jarraitzea eta hau egitearen eskubidea defendatzearen konpromisoa mantentzen dugu. Bakeari eta bizikidetzari ekarpenak egiteko lanean jarraituko dugu, konponbiderako eta baita etorkizunerako ere: gertatutakoa berriz ere gerta ez dadin.

Etxean eta bizirik nahi ditugu!

hendaia.jpg

Hendaian eginiko irakurketa:

Aurten ere, Euskal Herriko hondartzetan biltzera behartuta gaude. Tamalez, ez gaude hemen oporretan, ezta itsasoaz disfrutatzeko ere ez, postalaren beste aldea hona heldu direnei ezagutarazteko baizik. Euskal preso eta iheslari politikoek eskubide urraketa larriak pairatzen segitzen dute, baita guk ere, haien senide eta lagunok, aplikatzen zaien politika bereziaren ondorioz.

8 urte pasatu dira ETA erakundeak ekintz armatuak utzi zituenetik. Geroztik, oso urrats garrantzitsuak egin dira. Euskal gizarteak sekulako lana egin du bake eta konponbidearen bidean eta gaur egun, gizartearen gehiengo zabalak presoen egoeraren konponbidea eskatzen du.

Baina egoera berdinean jarraitzen dugu blokeaturik. “Bortizkeriaren amaiera” goratu zen hainbat lekuetatik, instituzio handien partetik, eta baita nazioarte mailan ere. Macron lehendakari berak, maiatzaren 17an Miarritzen, “Estatuaren betebeharra bake prozesua laguntzea dela” esan zuen. Baina gure partez, ezin dugu sufrimendutaz iraganean hitz egin, oraindik ere gure oraina delako.

Bai, aldaketak ikusten ditugu. Frantziako gobernua eta Bake Artisauen elkarlanari esker, euskal presoen parte bat hurbildu egin dute Lannemezan eta Mont-de-Marsaneko espetxeetara, familia horien zama arinduz eta, are garrantzitsuagoa dena, urrunketa politikaren ondorioak larriak eta injustuak direla onartuz. Baina beste zatia urrundua gelditzen da, noiz arte ez dakigu, Espainiar estatuan diren preso ia ia guztiak ere bai, Sanchezen gobernuak kontrakoa adierazi bazuen ere.

Azken asteetan, 2 epaitegik Frantziar estatuan dauden 2 presoen baldintzapeko eskaerak onartu dituzte, egoera politikaren aldaketa kontuan hartuz, hori garrantzi handiko urratsa da, baina Estatuaren ordezkariak diren prokuradoreek deia egin zuten, preso horiek kartzelan mantenduz. Lorentxa Beyrie Roannen, duela 18 urte preso, Xistor Haranburu Lannemezanen, duela 29 urte preso, exijitzen diren irizpide juridiko guztiak betetzen dituztelarik. Egoera berean dauden Jakes Esnal eta Ion Kepa Parot ere gogoan ditugu.

Beste urgentzia gorri bat konponbiderik gabe gelditzen da, hainbeste urte eta gero, larriki gaixorik dauden presoena. Kolektiboko 20 preso kasu honetan daude, haien artean Lannemezango kartzelan dauden Ibon Fernandez Iradi eta Jon Gurutz Maiza. Badakigu kartzelak gaixotasunak sortzen dituela, eta badakigu gaixotasun horiek kartzelako baldintzek larritzen dituztela, behar diren tratamenduak eta segipena oztopatuz. Legeak haien irteera bermatzen badu, zergatik mantentzen dituzte egoera krudel honetan?

Honi gehitu behar zaio maiatzean osasun arazo larriak dituen Josu Urrutikoetxearen atxiloketa eta espetxeratzea agintari frantsesen partetik.

Bukatzeko, errepresioak ere segitzen du, eta gure sustengu osoa irailean Madrilen preso eta senideen eskubideen defentsan egin zuten lanagatik epaituak izango diren 47 pertsonei adierazten diegu, bereziki haien artean diren gure 2 bozeramaile ohiei, Izaskun Abaigar eta Nagore Lopez de Luzuriaga.

Horretan gaude, eskaera urgenteenak, baita ere ikuspuntu humanitariotik, ez dira bete, eta martxan dira oraindik salbuespeneko neurri eta auziak eta haien ondorio latzak : jadanik 16 biktima mortal eragin dituzten istripuak, aspalditik kalean egon behar zuten pertsonak espetxetan mantentzearena, gaixo larriak badira ere, elkartasunaren kontrako auziak... Denbora politikoa, denbora administratiboa, luzeak direla entzuten dugu eta ulertzen dezakegu. Baina espetxe denborak prisa handia du, korrika ari da eta suntsitzen gaitu, bai presoak, bai haien hurbilenekoak. Aski da!

Gure aldetik, salbuespeneko neurrien amaiera, espetxe politika honen biktimen aitorpena eta preso eta iheslari guztien itzulera lortzeko konpromisua berreisten dugu. Herritar guztiak zentzu honetan egiten diren mobilizazio guztietan parte hartzeko deitzen ditugu. Egiazko konponbideruntz, ezinbesteko urratsa delako.

Etxean eta bizirik behar eta nahi ditugu!