ETXERAT. Paristik gertu Meaux-Chauconin-Neufmontiers espetxean preso den Oier Gomez Mielgo, Pitie Salpetriere izeneko ospitalean egoera larrian ingresatua izan zen joan zen urtarrilaren  10ean, abokatuek eta senideek Etxerat Elkartera jakinarazi diotenez. Euskal preso politikoari ebakuntza zaila egin diote eta ondoren eginiko biopsiaren emaitzaren zain dago.

Zutik jartzen eragozten zion bizkarreko min handia pairatu zuen Oier Gomez-ek aurreko bi hilabatetan eta horren adierazle, abokatua bisitan joan zitzaionean ezin izan zuen lokutoriora atera. Meaux-eko ospitalera lekualdatzea proposatu zioten espetxeko medikuek urtarrilaren 6an, baina 2013an Meaux-en Hodgkin linfomagatik jasotzen zuen kimioterapia tratamenduaren sesioetan jasandako tratua ezagututa, uko egin zion proposamenari.

Urtarrilaren 10ean, bere egoeraren larritasunaz jabetzean, ospitaleratzea erabaki zuten presondegiko medikuek. Eskuburdinak esku eta hanketan jarrita zituela eraman zuten Meaux-eko ospitalera eta soilik eskanerra egitean askatu zizkioten hanketakoak. Ondoren, eta berriro ere eskuburdinak esku eta hanketan jarrita, Pitie Salpetriere izeneko ospitalera eraman zuten Oier Gomez. Bizkarrezurraren gaineko tumore bat kendu zioten. Ebakuntza zaila izan arren, aurretik, bigarren eskanerra egitean, bridekin lotu zuten eta jarraian, zunda sartuta zuela, berriro ere eskuburdinak jarri zizkioten ebakuntza aurreko dutxa hartzean.

Diagnostikoa osatze aldera, Oier-i egindako biopsia eta beste azterketa batzuen emaitzak oraindik ezagutu gabe, gainontzeko analisien arabera minbizia eduki dezake, berriro ere, Gasteizko presoak.

Gaixotasun larri eta sendaezinak pairatzen dituzten euskal preso politikoen egoera latza azpimarratu nahi du, berriro ere, Etxerat elkarteak. Elkarteak, premiazkotzat jotzen du salbuespen neurriekin amaitzea, hauek kontrola, jarraipen eta beharrezko tratamenduak galarazten dituelako, edozein kasutan, espetxeko bizitzarekin bateraezinak direnak. Egungo espetxe politika mantentzen duten arduradunek, gaixo dauden presoen eta haien senideekiko egiten duten sufrimenduaren erabilera lotsagarriak, premiazko konponbidea exigitzen du eta euskal gizartearen salaketa merezi du.