Presoa eskuburdinak estu jarrita mantendu zuten bere jaioterrira egindako bisita osoan zehar eta jarrera oldarkorra erakutsi zuten ertzainek.

 

ETXERAT. Unai Bilbao (Granada, 860 Km) euskal preso politikoaren senideek Etxerati jakinarazi diote joan den asteburuan jaioterrira (Portugalete) egindako bisita oztopatu ziola Ertzaintzak presoari.

Zehazki, eskuburdinak estuki jarrita izan zuten Bilbao bisita osoan zehar, neurri umiliagarri eta ankerra, eta jarrera oldarkorra erakutsi zuten ertzaintzako agenteek, bai hitzez zein fisikoki; etxeko portaleko eskailerak jaisten ari zela bultzatu egin zuten presoa. Sendiak salatu egingo du gertatutakoa eta Bilbaok gauza bera egingo du Kartzela Erakundeen aurrean.

Ez da lehen aldia presoa eta sendiaren bizitza eskubidea urratzen dela. Granadako kartzelak bi hilabetez atzeratu zuen Bilbaok bere adineko ama ikusteko eskatu zuen ez-ohiko baimena; andreak ezinezkoa baitzuen semea ikusteko beharrezkoak diren 1700 kilometro baino gehiagoko distantzia bidaiatzea. Joan den abenduan zendu zen Bilbaoren ama, presoa ikusteko aukerarik gabe.

Elkarteak egungo kartzela politikaren beste adibide bat den honako gertaera salatu nahi du, euskal preso politikoen senide eta lagunei oinazea gehitu eta familia bizitza eskubidea era ezberdinez urratzen duena. Praktika hau beste kasu batzuetan eman izan da, Mikel Izpura presoaren kasu adierazgarrian bezala (Murtzia, 860 Km): eskuburdinak jarrita utzi zizkioten bere anaia bisitatu zuenean, azken honek pairatzen zuen minbizi terminala zela eta ezinezkoa baitzuen 1600 kilometro baino gehiago bidaiatu.