ETXERAT. Donostiako Udaleko osoko bilkurak, pasa den maiatzaren 23an Ander Mujika preso donostiarraren senideek izandako istripuagatik harturiko erabakia, hitzez hitz berrestea erabaki du Asier Ormazabal presoaren bi lagun donostiarrek sufritutako ezbeharra dela eta. Bertan Donostiako Udalak urrunketa politikaren desaktibazioa eskatzen du, finean presoen eta beren senide eta lagunengan eragiten duen sufrimendu eta zigor gehigarriarekin amaitu ahal izateko.

Erakunde adierazpena EAJ, EH Bildu, Irabazi Donostia eta PSE-EEren aldeko bozkekin atera da, PP abstenitu egin delarik. Istripua sufritu zuten Asier Ormazabalen lagunei bere kezka eta elkartasuna adierazteko puntua, aldiz, ez du beharrezko 2/3 jaso Bozeramaile Batzordean (PSE-EEren abstentzioa dela eta). Donostiako Udalak Espainiar Gobernuari zein gizarteari erakunde adierazpen honen berri emango dio.

Euskal presoen urrunketak eta honek sorrarazitako eskubide urraketen inguruan jarduten du adierazpenak: Sufrimendua sortzen duten inposatutako arriskuek ondorio larriak dituzte, eta istripuak etengabe suertatzen dira, urteak sei hilabete dituenean dagoeneko sei dira jazotakoak. Azkena, Asier Ormazabal hernaniarra bisitatu ondoren bi donostiarrek pairatu dutena, 435 kilometrotara dagoen Teruelgo espetxetik (Aragoi) bueltan izan zuten istripu larria, pasa den ekainaren 3an. Bi lagunak ospitaleratu egin behar izan zituzten istripuan izandako kolpeen ondorioak direla eta (politikontusioak, ebaketak...).

Donostiako Udalak urrunketa politika honek inongo zentzurik ez duela azpimarratzen du eta preso diren pertsonen errotze sozialari, euren senide eta lagunak kaltetuak direlarik mesede egiten ez diola aipatzen du. Adierazpenean ere “ETAren behin betiko etenaren ondoren, bere armagabetzea barne, egoera hau luzatzeak” ez duela inola zentzurik jasotzen du. “Orain aldatzeko aukera dugu, oinaze guztiak kontuan hartzeko unea da, pertsona guztien giza eskubideak errespetatzeko eta etorkizun hobeago bat eraikitzeko momentua, urrunketari amaiera emateko ordua da. Senideen sufrimenduarekin amaitzea beharrezkoa da.”