ETXERAT. Mila arrazoi salatzeko ditugu euskal preso politikoen senide eta lagunok. Horregatik, euskal gizarteari dei egiten diogu urtarrilaren 14ean SARE-k deituriko manifestaziora joateko, Bilboko kaleek gainezka egin dezaten:

kanpokoa.jpeg

Euskal Herriko gizarteari egiten zaion deia da hau. Hausnarketa eta ardurarako deia. Duela bost urtetik, gizarte honek konponbiderako bidea ikusi ahal izateko, Espainiar eta Frantziar estatuen urratsen zain gaude. Duela bost urtetik, salbuespen politiken desaktibazioak, gizartea, pairatutako eta gaur egun oraindik askok pairatzen duten sufrimendutik askatzea espero dugu. Duela bost urtetik, pertsona guztien giza eskubideak errespetatu, eta hauen urraketei lekua kentzeko zain gaude.Duela bost urtetik, orainean hitz egitera derrigortzen gaituen egoera batetik, iraganean hitz egin ahal izatera itxaroten ari gara. Duela bost urtetik, itxaroten ari gara.

Baina ezin dugu itxaroten jarraitu. Ezin gara arriskatu egungo egoera barneratu eta salbuespeneko politikak, eskubideen bortxaketak, mendeku eta saminen estrategiak arruntzat hartzera iritsi; gaur gaurkoz, euskal gizarteak premiaz atzean utzi nahi eta behar duen egungo eszenatokian egotea kondenatzen baita. Estatuek argi eta garbi utzi dute euren borondatea. Bost urte luzez frogatu dute, egunero egunero, hitzen nola ekintzen bidez. Guri dagokigu, gizarte osoari, egoera honi amaiera ematea. Guri dagokigu ardurak hartzera, aktibatzea.

Preso eta iheslari politikoen senideak gara, edozein preziotan irabazi politikoak lortu ahal izateko, erbestean edo kartzelan dauden gure senideen erabilpena ezagutu eta sufritzen dugu. Ezagutu eta saminez bizitzen dugu kartzelako salbuespen politika: urteetako isolamenduan, larriki gaixo diren presoen egoeran, urruntasun eta sakabanaketan, tratu txar eta erasoetan. Beraienganako gertutasun edo senidetzaren loturagatik kondenatuta gauden herritarrak gara gu, kondenatuak ere salbuespen politikak sufritzera: sakabanaketa, bere ondorio suntsitzaileak, gure eskubideen urraketak…

weberako.jpg

Kartzelako salbuespen politiken betikotzea SALATZEN DUGU.

Isolamenduaren tortura SALATZEN DUGU.

Larriki gaixo direnen egoerarekin erakusten ari diren krudelkeria SALATZEN DUGU.

Bizitza eta osasunerako duten eskubidearen urraketa SALATZEN DUGU.

Senide bizitzarako eskubidearen urraketa SALATZEN DUGU.

Giza eskubideen aldeko lanen kriminalizazioa SALATZEN DUGU.

Sufrimenduaren erabilpena SALATZEN DUGU.

Gobernu Espainiar eta Frantsesaren bake ez nahia SALATZEN DUGU.

Horregatik, urtarrilaren 14rako SARE-k deituriko manifestaziora joanen gara. Ohikoa dugun bezala, asteburu horretan ez gara kartzeletara joango, ez dugu bisitarik egingo. Egun horretan, gure lekua Bilbon dago. Euskal gizarteari dei egiten diogu, urtarrilaren 14an Bilboko kaleek, gainezka egin dezaten. Eskubideen urraketak, konponbiderako oztopoak, bakearen oposizioa aktiboki, determinazioz eta gehiengo osoz salatzeko. Urtarrilaren 14an, Bilbon emango ditugun urratsak, erabakigarriak izan daitezen lor dezakegu. Erantzukizunagatik, ezin dugu aukera alferrik galdu.

ETXEAN ETA BIZIRIK NAHI DITUGU!

sare kartela.jpg