ETXERAT. Gaur burutu dugun prentsaurrekoan gurekin izan dira joan den larunbatean istripua izan zuten 9 pertsonetako batzuk. DIspertsio politikak eragindako 7. eta 8. istripua salatzeko adierazpenak egin ditugu agerraldi batean:

istripua8-9

Dispertsio politikaren defendatzaile eta kudeatzaileek, behin eta berriz errepikatzen dute politika honek bere fruituak eman dituela. Kasu honetan, esan nahi diegu fruitu horiek zauritutako bederatzi pertsona direla. Derrigorrez egin behar dituzten bidaien ondorioak pairatu dituzten bederatzi pertsona, eta inposatutako baldintza batzuetan, zeinak zailago egiten dituzte bidaiak, arriskuak areagotuz eta gure bizitza zein segurtasuna jokoan jarriz.

Istripuak aldi berean gertatu ziren, joan den larunbat gaueko 21:30etan, Burgos-Gasteiz errepideko 34. Kilometro inguruan. Basurde talde handi bat Huelvatik bisita egitetik zetorren furgonetaren bidean gurutzatu zen. Bertan, 6 senide eta bi gidari boluntariok bidaiatzen zuten. Animalia talde berdinarekin talka egin zuen furgonetaren atzetik zetorren autoak, eta kasualitatez, kasu horretan Mansilla, Leonetik, bisita egitetik bueltatzen zen senide bat zetorren ere. Furgonetaren kasuan, 1750 kilometro eta 27 orduko ibilbidea eginda zeramatzan; kotxearen kasuan, 1000 kilometro inguru. Talkaren ondorioz, bederatzi pertsona hauek larrialdietan artatuak izan ziren; horietatik seik, lepokoa daramate, eta medikuaren aginduz atsedena behar dute.

Horrez gain, Guardia Zibilaren beldurtzeko jarrerari aurre egin behar izan zioten, zeinak azkenean, pertsona bati 100 euroko isuna jartzeko modua topatu zuen.

Bi ibilgailuek ezin izan zuten bidaiarekin jarraitu; kotxeak erabateko hondamena jasan du.

Orain, istripua izandako ibilgailuetako batean bidaiatzen zuen pertsona bati hitza emango diogu, Amaia Sarrionandiari:

 

“Kontuz ibili, bidaia on, deitu iristean,...” horrelakoak izaten dira etxean gelditzen denaren azken hitzak, eta guk, ia atzera begiratu gabe lasai egoteko esaten diegu, zer gertatuko da ba?

Baina, nahiz eta gu libre gaudela pentsatu, badakigu gerta daitekeela, Euskal Herria eta Huelva banatzen duten ia 1000 kilometroak arriskuz beterik daudela; edozein bihurgunetan, edozein euri jasatan, edozein elurtetan, gure istripua zain izan dezakegula. Badakigu, lehenago ere beste senide eta lagun batzuek izan dutelako. Errusiar erruleta horretan sartuta gaude guztiok eta oraingoan guri tokatu zaigu, Huelva eta Mansillatik gentozen senide eta lagunei.

Istripua nola izan zen galdetzen didatenean ez dakit erantzuten, Aner, nire ondoan eserita zegoen senideaz gogoratzen naiz. “Basurdeak, basurdeak,” oihukatu zuen eta nik bere besoari heldu nion. Ez dakit zenbat golpe sentitu ziren, ez dakit mina hartu nuen edo ez. Etxean zain neukan bi urteko haurtxoaz gogoratu nintzen. Aita espetxean eta ama errepidean; haur gajoa. Zenbat gauza pasa daitezkeen segundo batzuetan arriskuan dagoen ama baten burutik. Horrek, oraindik ere, loa galarazten dit.

Furgoneta gelditu zenean, denak ondo geundela ikustean, egin beharrekoak egiten hasi eta amorrua eta inpotentzia nagusitu ziren. Hainbeste kilometro egin eta gero, ia etxean ginela, basurde familia hori gurutzatu behar gure bidean. Alta, horrekin ez zen guztia bukatu, Guardia Zibilaren tratu ezgizatiarra izan zen hurrengoa. Bertan ginenon egoeraz kezkatu beharrean, isunak jartzeari ekin zioten. Hala ere, ez gara kexatuko, txarragoa izan zitekeen. Behintzat bizirik eta onik geunden. Bada ez, kexatuko gara eta kexatzeko eskubidea daukagu.
Batzuek biktimez, memoria historikoz, erantzukizun eskaerez, zoru etikoez ahoa betetzen duten bitartean; astebururo, milaka euskal herritar haur, gazte, heldu eta zahar errusiar erruletara jokatzen ari gara. Eta erruleta horrek, heriotzak eta senda ezinezko zauriak eragiten dituen horrek, erantzule zuzenak dauzka. PNV, PSOE, zuek diseinatu zenuten erruleta hori, PPk mantendu eta krudelkeriaz gogortu egin duena. Zuen ahotik entzun genuen ez zela soilik presoak zigortzeko, senideak ere zigortuko zenituztela. Zoru etikoaz hitz egiten diozue euskal jendarteari eta 337 istripu eta 16 hildako eragin dituzue. Hori al da zuen etika? Hemen gauden gizon-emakumeok zuen biktima gara. Ez guri etikaz, erantzukizun eta memoriaz hitz egin; ez zuen eskuak, berriro ere, odolez zikindu dituzuenean. Oraingoan Burgosen akatu genituen basurdeen odolez.

Egin al duzue inoiz zuek eragindako kaltearen aitortza? hartu al dituzue inoiz zuen bulegoetan errepidean hildakoen senideak, istripuak izandako senideak? Jarri al zarete inoiz gurekin harremanetan? Ez, ukatu egin gaituzue horrela garena izateari utziko diogulakoan. Baina hemen gaude, fisikoki minduta istripuaren ondorioz, baina beste bidaia bat egiteko prest. Zuen heriotzari berriro ere aurre egiteko prest, gure senideak maite ditugulako eta azken espetxeko azken zuloraino helaraziko diegulako maitasun hori, indar hori, etxean eta bizirik nahi ditugulako.

Eta erruleta bira eta bira ari da, hurrengo biktimaren zain.”

 

 

Dispertsioa biktima berrien zain da. Duela 27 urte diseinatu zeneko biolentzia bera aktibo mantentzen duen espetxe politikak, orain arte sortu dituen zigorgabetasun berdinarekin, biktima gehiago gehitu ditzakeelako. Politika horren arduradunek jakitun dira, samin eta xantaia instrumentu bezala diseinatu baitzuten; guk ere badakigu, gure osasunarekin ordaintzen dugulako, eta 16 aldiz, gure bizitzarekin ordaindu izan dugulako ere. Euskal gizarteak ere badaki, oinazerik gabeko agertoki baterako sarbidea itxita duelako.


Etzi, ostiralero bezala, gutariko ehunka pertsona, arriskuak hartzera derrigortuak gaude. Etzi, astebururo bezala, dispertsioak fruitu berriak bermatuko ditu: kalte fisikoak, psikikoak, ekonomikoak. Kalteak.

Noiz arte jarraituko dute gure bizitzek dispertsio politikaren arduradunen eskuetan? Zenbat denbora gehiagoz izango gara erabiliak bakeari bideak ixteko? Nola sina daiteke Giza Eskubideen errespetu zintzoa aldarrikatzen duen konpromiso bat gure egoerari berehalako amaiera emateko beharra aipatu gabe? Zein da gure oinazea bukatzeko buruan duten epe erosoa?
Beste behin, gure konfiantza osoa euskal gizartean kokatua dago, aktibatu eta erantzuteko duen gaitasunean; indar politiko eta sindikaletan, organismo eta pertsonetan. Ez dago aurrera egiteko modurik, ezin da biolentziarik gabeko agertokirik egon, pertsona guztien eskubideen errespetua bermatua ez den bitartean.

Ez dugu prentsaurreko hau amaitu nahi Mirentxinek egiten duen lan solidarioari gure aitortza egin gabe, gure karga arintzeagatik euren segurtasun fisikoa eta bizitza jartzen baitute arriskuan, hori baita dispertsio politikak astebururo ezartzen digun baldintza.