ETXERAT. Jaenen preso dagoen Premin Sanpedro euskal preso politikoaren bi anai eta gurasoek kotxe istripu bat jasan dute gaur arratsaldeko lehenengo orduan, Jaengo espetxera (800 km) asteburuko bisita egitera zijoazela.

Aranda de Duero-tik gertu gertatu da ezbeharra, Sanpedroren senideek Etxerat Elkartera jakinarazi diotenez, aurretik zijoan kamioiaren gurpila lehertu ondoren, errepidean gelditu den gurpil zatiaren kontra jo dute. Senideen kotxeak kalte arinak jaso ditu eta Guardia Zibilak atestatua egin ondoren, espetxeko bideari ekin diote berriro euskal presoaren lau senide hauek.

Etxerat Elkartetik salatu nahi dugu, presoak bisitatzeko eskubidea bermatzearren, bidai luze bezain arriskutsuak egitera behartatuta izaten direla astebururo ehundaka euskal herritar, preso politikoen lagun eta senideak. 16 hildako eta hainbat zauritu suertatu dira espetxeetarako nahitaezko bidai luzeetan.