ETXERAT (2023-VII-27). Abuztuaren 6an hitzordua izango dugu Euskal Herriko itsasertzean; izan ere, oraindik lanean jarraitu behar dugu, aktibo mantendu, oraindik indarrean dauden salbuespen neurriekin amaitzeko. Euskal preso, iheslari eta deportatu politikoei aplikatzen jarraitzen dieten eskubideen urraketarekin bukatzeko.

Etxerat elkarteak deituta, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Lapurdiko hamabost hondartzatan egingo da mobilizazioa, gure senideek oraindik bizi duten egoeraz ohartarazteko: 151 preso, 17 iheslari eta 5 deportatu politiko etxera itzuli behar dutela adierazteko. Etxera!

Dispertsioa eta urruntze politika gaindituak, hobeto gaude, dudarik ez dago, baina amaiera horrek ez du ekarri euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen urraketaren amaiera, etxerako bidea oztopatzen duten salbuespen neurriak eta eskubide urraketak arau direlako oraindik.

Auzitegi Nazionaleko sektoreek gradu erregresioak eta betse hainbat oztopo mantentzen dituzte, beste garai batean bizi galera kontuan izan gabe. Eta berriro diogu, ez dira pribilegioak, gure senide presoentzat ez ditugu pribilegiorik eskatzen, eskubideak baizik. Aplikatu legeria arrunta eta desblokeatu dagokien ibilbidea!

Oroitu nahi dugu Sebas Etxaniz. Joan den astean zendu zen Elgoibarko preso ohia. 80 urte zituen. 2023 apiriletik baldintzapeko askatasunean zegoen. Erbesteko eta espetxeko urte luzeak ez zaizkio oharkabean pasatu Sebasi.

Aipatu nahi dugu testuinguru honetan Nelson Mandelaren Nazioarteko Eguna izan dela eta, Arartekoak egindako erakunde-adierazpena, non erakunde honek dei egiten die erakundei, modu koordinatuan lan egiten jarrai dezaten, ingurune irekiko zigorrak eta neurriak indartzeko, birgizarteratze-sarean aurrera egiteko eta espetxean dauden pertsonen eta haien senideen, biktimen eta gizarte osoaren eskubideak errespetatzeko.

Arartekoaren adierazpen hau izenpetzen dugu, preso eta erbesteratuen kolektibo baten senideak garen aldetik. Izan ere, batez beste, 20 urtetik gorako espetxealdia eta urruntasuna baldintza txarrenetan gainditzen dute gure senideek, asko eta asko jada adinduak dira eta horietako batzuk gaixotasun larriekin diagnostikatuak. Espetxe-administrazioaren ezaugarriak finkatzeko funtsezkoa iruditzen zaio Arartekoari, balore gisa, pertsona presoen duintasun-printzipioak, espetxe-aldia murriztea eta erkidegoan birgizarteratzea.

Era berean, abuztuan, Sarek presoen eskubideen alde deitu dituen mobilizazioetan parte hartzera animatu nahi zaituztegu.

Etxean eta bizirik nahi ditugu!