ETXERAT (2023-VI-18). Sakabanaketa eta urruntzearen osteko garai berri honetan, bere XX. Batzar Nazionala ospatu du gaur Iurretan Etxerat Elkarteak. 

Ehun senide eta lagun inguru batu gara errealitate berriak planteatzen dituen beharretara egokitzeko eta eraginkortasunez erantzuteko ezinbestekoa den hausnarketa konpartitu nahian.

Aurrerantzean ere, Etxeratek lanean jarraitu beharko du senideei babesa eman behar dielako; izan ere, 158 preso politiko ditugu eta 17 errefuxiatu eta bost deportatu dira oraindik Euskal Herrira itzuli ez direnak.

Eskerrak eman nahi dizkiegu, bihotzez, Euskal Herri osotik Iurretako Batzar Nazionalera hurbildutakoei; baita ere Durango eta Iurretako lagunei eta Montoste elkarteko kideei emandako laguntzagatik.

Hona hemen Batzar Nazionalaren hasieran Eneko Abasalo «Abarkas»ek eginiko agurra: 
(...)

gure familia handi

hasiera emanaz Etxeraten 

urteroko batzarrari

nondik gatozen nora goazen

ta nola ekin lanari, 

begi berriez begiratzeko

gure etorkizunari.

Errefuxiatu, preso, iheslari,

senitarteko zein lagun

etxe ondoan baina kartzelan,

besteak etxetik urrun.

Bide berrian gogor lanean

denok behar dugu jardun

gure etxeetan falta direnak

etxera ekarri ditzagun