ETXERAT (2023-IV-29). Bigarren aldiz, Joseba Arregiri bere hirugarren gradua eten eta Martuteneko espetxera itzuli behar izan du. Lehenengo aldian, errekurtsoaren tramitazioa zortzi hilabetez luzatu zen, eta denbora horretan berriro berreskuratu ahal izan zuen kentzen ari zaizkion denboraren zati bat.

Orain, Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak fiskalaren hirugarren gradua bertan behera uzteko eskaera onartu duenean, eta helegitea ebazteko zain, espetxera itzuli behar izan du.

77 urteko pertsona baten eskubideak urratzen dituzte. Arregik 31 urte bete ditu espetxean eta hainbat patologia ditu, adinagatik eta kartzelan hainbeste urte eman izanagatik. Espainiako zigorraren hiru laurdenak 2019ko ekainean bete zituen, etazigorraren 10 urteak zenbatu izan balitzaizkio, badira urte batzuk aske egon beharko litzatekela.

Joseba Arregirekin gertatzen ari dena, euskal presoen aurka mantentzen arin diren salbuespen egoera orokorraren erakusle da. Horietatik 39 baino ez daude 3. graduan, eta, legez, 110 izan beharko lirateke. 50 preso ingururi ez zaie zenbatzen Frantzian jada bete duten zigorraren zatia. Askok 40 urteko zigorra bete beharko dute,
Aznarren denboretan onartutako 7/2003 Legea bere horretan aplikatzen baldin bada. 17 presok gaixotasun larriak dituzte, baina, hala ere, espetxean jarraitzen dute.

Euskal presoen espetxe-ibilbideari buruz epaile naturalek erabaki beharrean, Auzitegi Nazionaleko hainbat sektore atzerakoiek, etxera itzultzeko bidea sistematikoki oztopatzen jarraitzen dute.

Ez diezaietela euskal presoei begiratu inpunitateaz hitz egiten dutenean. Ez dago horrelako inpunitaterik. Presoen eta haien senideen eskubideak murrizten ari dira oraindik. Hiru hamarkada baino gehiagoko kondena luzeak bete ondoren, isolamendua eta zigor erantsia pairatu ondoren, ezin da etxerako beulta geldiarazi mendeku gisa.

Bihar, larunbata, hitzordu garrantzitsua dugu Donostian Sarek deituta, 11:30etatik aurrera Artzain Onean, egoera honen gaitzespena adierazteko, aplikatzen jarraitzen diren salbuespen neurriak nahikoa direla esateko, eta etxerako bidean jartzen jarraitzen duten oztopoak baztertzeko. Bihar denok Donostiara.

Salbuespen neurriak stop!

Etxerako bidean oztoporik ez!