ETXERAT (2023-III-31). 35 urte eta gero amaitu da izugarrizko sufrimendua eragin duen aro latza. Bukatu da euskal presoen sakabanaketa eta urrunketa. Azkenean lortu dugu, iritsi da euskal presoak Euskal Herrira ekartzeko egin den lan nekaezinaren emaitza.

Gaur gauzatzen ari garen bezalako ehunka mobilizazio burutu izan ditugu dispertsioa behin betiko bukatzea eskatuz, kaleak bete ditugu hamaika bider aldarrikapen horren atzean. Ezberdinekin egon gara, adostasun zabalak erdiesteko hamaika ahalegin eginez, eta azkenean gehiengo sozial, politiko eta sindikal bat ere egon da lan horren atzean.

Oso gogoan ditugu errepidean hil diren 16 senide eta presoen gertukoak. Gogoan ditugu baita ere erbestean eta deportazioan hildako guztiak. Gaur, doakiela haien senideei gure besarkadarik estuena. 

Presoen senide eta gertukoei motxila astunaren zama arintzen lagundu dieten guzti-guztiak ere gogoan ditugu gaur; autobus gidariak, Mirentxineko boluntarioak, Frantzian eta Espainian bidaietan eta bisitetan laguntzeko prest egon diren lagunak eta elkartasunez jokatu duten herritar guztiak.

Eta hemendik aurrera zer? Ba orain lanean jarraituko dugu, harremanak sustatuz eta aktibazioa bilatuz, plazak betez eta gure aldarrikapenak lau haizeetara zabalduz. Soilik horrela lortuko dugulako euskal presoei lege arrunta aplikatzea eta salbuespenezko legedia desagerraraztea.

Bidean gaude beraz. Emakume presoek pairatzen duten zigor soziala, pertsonala eta penala salatzeko kalera atera ginen martxoaren 8an. Bestetik, aro berri honetan euskal presoek oraindik orain jasaten dituzten eskubide urraketak salatzeko eta etxerako bidea egiteko dituzten oztopoen salaketa egiteko etxera egunak gauzatzen ari dira han eta hemen. Bihar bestalde, apirilak 1, dispertsioaren eraginez hildako senideen memoria aitortu eta erreparazio ofizialaren norabidean aurrerapausoa egitearren, ekitaldia gauzatuko da Donostian.

Aurrera egin dezagun beraz. Etxera lelopean, azken urteetan egin dugun bide beretik, lanean jarraitu behar dugu etxerako bideari bukaera eman arte.