ETXERAT (2022-V-23). Basauriko eta Martuteneko espetxeetan dauden lau euskal preso politikok hirugarren gradua jaso dute Eusko Jaurlaritzako Justizia Zuzendaritzaren aldetik, Bizkaiko eta Gipuzkoako espetxeetako batzordeek hartutako erabakien irizpideei eta balorazioei jarraituz. Azken asteetan tratamendu-batzordetik pasatu dira haien espedienteak, eta hirugarren gradua lortzearen aldeko proposamena jaso zituzten.

Iñaki Bilbao Gaubeka eta Gorka Martinez Ahedo presoak dira Basauriko espetxean daudenak eta joan den ostiralean hirugarren gradua estreinatu zutenak, eta Gorka Lupiañez Mintegik eta Aitor Esnaola Dorronsorok Martutenen ezagutu dute sailkapen berria. 

Iñaki Bilbao Gaubeka urduliztarra 24 urte daramatza espetxean eta 2017n bete zituen bere zigorraren hiru laurdenak. Basauri espetxean izan aurretik, Madrilgo espetxeetan eta Zuerako kartzelan (245 km) egon zen.

Gorka Martinez Ahedo euskal presoa ere Urdulizkoa da. 24 urte eta erdi daramatza preso eta Frantzia, Andalucia, Extremadura eta Galizako espetxeak ezagutu ditu. Basauriko espetxera ekarri aurretik, El Duesoko espetxean (170 km) izan zen. 2015ean zigorraren erdia bete zuen.

Gorka Lupiañez Mintegi elorrioarrak 14 urte eta erdiko espetxealdia bete du eta aurten beteko ditu bere zigorraren hiru laurdenak. Martuteneko espetxean egon aurretik, Logroñon (170 km) izan zen.

Aitor Esnaola Dorronsoro preso politiko tolosarra Soriako espetxetik ekarri zuten Martutenera. Hamaika urte bete ditu kartzelan eta 2020an zigorraren erdia bete zuen.