ETXERAT (2022-IX-19). Bittor Urtiaga, Jose Angel Urtiaga deportatu santurtziarraren anaia, ezin izan da Euskal Herrira itzuli La Habanan hartu behar zuen hegazkinean, Estatu Batuetako aire-espazioaren gainetik hegan egitea debekatzen diotelako, euskal deportatu politiko baten anaia izateagatik.

Etxeratetik nabarmendu nahi dugu Bittor Urtiagak osasun egoera oso delikatua duela eta, gainera, bidaiarekin izandako arazoek gastu ekonomiko zein desgaste fisiko eta psikologikoa eragin  diotela. Duela 37 urte deportatu zuten Jose Angel Urtiaga Kubara eta geroztik bidai luze zein garestiak egin behar izan dituzte senideek lotura afektiboa mantendu ahal izateko.

Kasu honetan ere, beste hegazkin-txartel bat erosi behar izan du Bittorek, Kuban egun gehiago igaroz, horrek dakarren gastu ekonomiko handiarekin. Gainera, ez da lehen aldia euskal deportatuaren anaiak zigorra jasotzen duela bere anaia deportatua izateagatik. Duela hiru urte eta erdi antzeko egoera bizi izan zuen, kasu horretan bere emaztearekin bidaiatu zuelarik.

Irmoki salatu nahi dugu Bittor Urtiagak pairatutako neurri arbitrarioa. Duela 37 urte Kubara deportatua izan zen euskal herritar baten senidea izatea da bere “delitu” bakarra eta bada garaia, behingoz, ezartzen diren neurri arbitrario guztiei amaiera emateko.

Urte luzez deportatuek jasaten duten egoera gogor hori haien senideek ordaindu dute, eta ordaintzen jarraitzen dute, lotura afektiboari eusteko milaka kilometro egitera behartuta dauden deportatuen senideek.

Bada garaia 5 deportatu eta oraindik diren 24 erbesteratu poilitikoak Euskal Herriratzeko!