ETXERAT (2022-VIII-2). Hondartzetan mobilizatuko gara datorren abuztuaren 7an, beste uda batez, eta hala egiten dugu oraindik ere beharrezkoa delako euskal gizartea aktibatzea, behin betiko amaitu daitezen Espainiako eta Frantziako estatuak oraindik aktibo dituzten presoen aurkako salbuespen-neurriak.

Hiru hamarkada baino gehiago izan dira ezohiko erregimenean, isolamenduan, presoak sistematikoki eta orokorrean urruntzen, eta salbuespen horren biktima izan gara senideak ere; sufrimendua, gastu ekonomiko handia, ehunka zauritu eta 16 pertsona hil baitira dispertsioaren erruz.

Esan beharra dago egoera nabarmen hobetu dela: 180 preso horietatik 110 euskal espetxeetan daude, eta, behar baino askoz ere gutxiago badira ere, hirugarren graduan ari dira aurrera egiten. Hala ere, ez da nahikoa eta premiazkoa da egoera honekin amaitzea. Gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten 17 preso berehala aske utzi behar dira, 70 urtetik gorako 7 euskal presoak eta 65 urtetik gorako beste 10 euskal presoak bezala. Jakes Esnal, Ion Kepa Parot eta Unai Parotek 32 urte baino gehiago daramatzate espetxean. Era berean, 24 erbesteratuen eta 8 deportatu politikoen itzulera errazteko garaia da.

Ezin dugu beste hiru hamarkada itxaron blokeoak eta eskubideen urraketak gainditzeko. Ezin da euskal gizartea kondenatu bizikidetzaren eraikuntza mugarik gabe atzeratzera. Ez gara onurez ari. Dagozkien eskubideak dira, eta euskal gizarteak ezin du onartu eskubide hauek behin eta berriz urratuak izatea.

Gaur egun oraindik 53 preso daude Euskal Herritik kanpo, oraindik urrun dauden Espainiako espetxeetan eta periferiako kartzeletan, eta beste 17 presok Frantziako kartzeletan jarraitzen dute. Legedi arrunta aplikatuko balitzaie, 151 preso irteera-baimenekin ateratzen egon beharko lirateke, baina 6 bakarrik dira ateratzen ari direnak, eta 122k hirugarren graduan egon beharko lukete, baina 27 preso daude besterik ez.

Euskal hondartzetako mobilizazio eta Sarek abuztuan hiriburuetan deitu dituen hurrengoak azkenak izatea nahi dugu. Horrek esan nahiko baitu amaiera emango zaiola salbuespenari, presoak eta erbesteratuak Euskal Herrian eta etxean egongo direla, eta, beraz, benetan murgilduko garela konponbidearen eta bizikidetzaren ziklo berri horretan.

Salbuespen politika stop!

Etxean eta bizirik nahi ditugu!