ETXERAT (2023-V-2). Sakabanaketaren biktimak omendu eta aitortzeko eskaria egin dute Barañainen, Karmele gogoan ekimenaren eskutik.

Hauxe da Karmele gogoan ekimenak egiten duen irakurketa:

Lehenik eta behin, gure poza erakutsi nahi dugu, inoiz gertatu behar izan ez zuen politika bat amaitu delako.

Argi dugu amaiera hau ez dela bere kaxa iritsi, baizik eta gehiengo sozial zabal batek bultzatu eta errealitate bihurtu duela. Jendearen mobilizazioa izan da beharrezko presioa sortu duena eta horrela lortu dugu sakabanaketari amaiera emateko ardura zutenek erabaki hori hartzea. 

Politika horrek sufrimendua eragin die presoei eta haien senideei, eta sufrimendu hori ekiditen ahal zen. Gizarte honetako sufrimenduaz ari garen honetan, sufrimendu guztiei buruz hitz egin behar dugu, baita giza eskubideen urraketa hori jasan duten pertsonei buruz ere.

Ezinbestekoa ikusten dugu eragile politiko, sozial eta instituzional guztiek aitortzea politika horrek milaka pertsonari ekarri dien sufrimendua. Zehazki, ezinbestekotzat jotzen dugu giza eskubideen urraketa hau abian jarri edo babestu zuten eragile guztiek sakabanaketaren 16 biktimak aitortzea. Aitor ditzatela Rosa Amezaga, Arantza Amezaga, Pilar Arsuaga, Alfonso Isasi, Antxoni Fernandez, Jose Mari Maruri, Mari Karmen Salbide, Ruben Garate, Iñaki Saez, Asier Heriz, Argi Iturralde, Iñaki Balerdi, Sara Fernandez, Leo Esteban, Natividad Junko eta Karmele Solaguren, inoiz hartu behar ez zen erabaki politiko baten biktima gisa.

Orain honelako gertaera bat berriz ez errepikatzeko bermeak jartzeko garaia da. Baita eragile sozial, politiko eta instituzional guztiek zor duten aitortza emateko unea ere.  Memoriaren bidean jarraitu behar dugu. Izan ere, ahanzturaren poderioz, honelako zerbait berriz errepika daiteke.