ETXERAT (2022-XII-6). Jende asko bertaratu da Barañainen kokatuta dagoen Karmele Solaguren omenezko monolitora. 18 urte betetzen dira barañaindarrak bizitza galdu zuenetik errepidean, bere seme presoa bisitatzera zihoala Alcalá Mecoko espetxera.

Salbuespenezko espetxe politikaren urte luzeek zuzenean eta zeharka honako heriotzak eragin dituzte azken 6 hamarkadetan: 35 euskal preso politiko (hoietatik 13 azken hamaika urteetan) eta horien 16 senide eta/edo lagun hil dira. Gainera, beste bi pertsonak bere buruaz beste egin zuten espetxeratzea saihesteko.

Karmele Solaguren dispertsioaren biktima da. Horrela gogoratu zuten atzo Barañainen bildutakoek. Karmeleren hilketaren aitortza egin zuen bere garaian Barañaingo Udalak. Baina aitortza ofiziala, denona eta memoria falta dira oraindik. Memoriaren eraikuntzan zein bizikidetzaren garapenean bidea egitea falta zaigu oraindik. 

Loreak eta loreak jarri dituzte Karmeleren omenezko monolitoan. Aurreskua dantzatu dute bere omenez eta bertsoak botadizkiote bertako bertsolariek:

Hemezortzi urte jada
oroimena ez dugu arrotza
Karmele gure gogoan
eta bere bizipoza
nola ahaztu bere irria
bere indarra ta bihotza  
nola ahaztu bere bizitza
nola ahaztu bere heriotza.

injustisiaz beteta
justizia beti hain hotza
baina ez da isilduko
inolaz gure ahotsa
baina ez da isilduko
inolaz gure ahotsa
Karmeleri emateko
maitasuna ta aitortza.