Urtero egin ohi dugun moduan, aurten ere, 3 hamarkadaz luzatu zen dispertsio eta urrunketa politikak eragindako sudrimendua eta zigor erantsiak ekarri nahi ditugu gogora Gasteizko plaza honetan. Konkretuki, espainiar estatuko eta frantziar estatuko espetxeetara egindako bidaietan hil ziren 16 euskal presoen senide eta hurbilekoen memoria kolektiboa.
16 biktima hauek, oraindik orain, instituzioetatik biktima izaeraren aitortza ofizialik jaso gabe jarraitzen dute. Egungo biktimen legeak nahikoa oinarri juridikorik ez duenaren aitzakiapean, biktima hauen mina eta sufrimendua ez da luzatu besterik egiten.
Etxerat-etik ondorengoa eskatu nahi dugu: borondatea. Borondatea eskatzen diegu arduradun politiko zein alderdiei memoria osoaren eta bizikidetzaren eraikuntzaren logikan urratsak ematen jarraitu ahal izateko. Borondatea eskatzen diegu esku artean dituzten erremintak erabil ditzaten sufrimendua eragiten jarraitzen duen 16 biktima hauen aitortza instituzionala iritsi dadin.
Behin betiko konponbidea eskuratzeko momentua da, 3 hamarkadaz dispertsio eta urrunketa politika sufrimendua eragiteko erabili zituzten arduradun politikoek eragindako mina aitortzeko unea da eta, bide batez, oraindik orain espetxean zein erbestean jarraitzen duten gure senideen etxerako bidean sakontzeko unea da.
