ETXERAT (2022-XII-16). Oiartzungo Elorsoro kiroldegia berreskuratuko dugu aurten, Etxerat elkarteak urtero antolatzen duen bertso saioaz gozatzeko. Hitzordua, datorren urtarrilaren 8an jarri dugu, arratsaldeko 17:00etan eta saiorako kartela, betiko lez, oso erakargarria da. 

Hain justu, Nafarroa Arenan, datorren igandean, Bertso Txapelketa Nagusian izango diren zortzi finalistak igoko dira Oiartzungo taulara urteko bigarren igandean; Aitor Mendiluze, Alaia Martin, Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Joanes Illarregi, Maialen Lujanbio, Nerea Ibarzabal eta Sustrai Colina, Amaia Agirre gaijartzailea izango delarik.

Elkartasun herri ekimena da Oiartzungoa dudarik gabe, bertako lan taldearen lanari esker urtez urtez ospatu den bertso saio txukun eta erakargarria alegia.

Euskal preso gehienak Euskal Herriko espetxeetan daude, hobeto daude, baita senideak eta gertukoak ere, baina salbuespen espetxe politika ez da bukatu. Urruntzearekin eta sakabanaketarekin amaitzeko euskal gizartearen inplikazioa erabakigarria izan den bezala, aurrera begiratzera animatzen diogu berriro ere jendarteari, gure senideei ezartzen dieten blokeo zentzugabe hori desblokeatzea lortzeko.

Alor desberdinetan egiten den lana eta erakusten den elkartasuna ezinbestekoa da eta, testuinguru honetan, euskal preso, erbesteratu eta deportatu eta haien gertukoekiko elkartasunezko Oiartzungo bertso saio hau ere, bertsolariek eta lan taldeak eginiko ahaleginari esker aurrera aterako dugu. Aforo murrizketaren gainetik, igaz ia 400 lagun batu ziren Madalensoro frontoian.

Aurten, Elorsoro kiroldegira bueltako gara. Sarrerak salgai dira dagoeneko 12€tan  (15€ egun berean, aurrez bukatu ezean). Gainera, lehen aldiz sarrerak online erosteko aukera dago lotura honetan https://txartelak.eus/denda/etxerat-bertso-saioa/
Eta sarrera fisikoak erosteko, hauek dira sarrera salmenta puntuak:
•    Oiartzunen, Elorsoro kiroldegia eta Garmendi txokolategia
•    Oreretan, Arkaitza taberna
•    Donostia, Platero Taberna (Antigua) eta Hontza liburudenda  

Hauxe da beraz urtarrilaren 8rako plana. Seguro gaude arrakastatsua izango dela Oiartzungo bertso saioa. Eta argi izan, azken preso eta iheslaria etxean egon arte lanean jarrituko dugu eta halako ekimenak egiteko konpromisoari eutsiko diogu.

etxera!