Euskal presoen dispertsioa bukatu zen baina, lanean jarraitu behar dugu, berandu baino lehen, preso, iheslari eta deportatu guztiak etxean izateko. Bitartean, Kinkea promozioak bidelagun izango ditugu. 2026ko Kinkea promozioak aurkeztu berri ditugu. Aitor Etxeberria Egiguren dugu aurtengo artelanen egilea. Bederatzi urte betetzen dira Kinkea izeneko egitasmoa abiatu genuenetik.

Zer esanik ez, bederatzi urte hauetan berebiziko garrantzia izan du Kinkea egitasmoak gure senide presoen asistentzia juridikoa eta osasun asistentzia bermatzeko eta Etxerat elkartearen jarduera posible egiteko.

2018 urtearen bukaeran, konpromiso berriak hartu zituen elkarteak bere gain, gure senide presoen asistentzia juridikoa eta osasun asistentzia alegia. Erronka garrantzitsua izanik, plangintza ekonomiko eraginkorra jarri genuen martxan eta Kinkea izan zen plana garatzeko zutabe garrantzitsuena.

Baina ekimenak ez zukeen ezertarako balioko, milaka pertsonak Kinkearen konpromisoa hartu izan ez balute. Beste behin ere, herri honen elkartasuna funtsezkoa izan da presoen eta senideen aldeko lana zorroztu ahal izateko. Bederatzi urte horietan, euskal preso, iheslari, deportatu politiko eta haien senideekiko elkartasunari bide eman diogu.

Balio hori aitortu eta helarazi nahi dugu Aitor Etxeberria Egigurenek aurtengo Kinkea promozioetarako utzi dituen artelanen aurkezpenean. Konponbiderako eta behin betiko bakerako, preso eta errefuxiaturik gabeko gizarterako bide honi aurre egitea ahalbidetzen digun elkartasuna. Eskerrak eman nahi dizkiogu Aitor Etxeberria Egigureni bihotzez, elkartasuna lehen pertsonan uztartu duelako bere obra eskainiz.

Horrela definitzen du bere burua Etxeberria Egigurenek: «Nire jarduera piktorikoa serieka garatzen da, bakoitza bere gai eta estetika propioekin, pintura ikerketa formal eta emozionalerako eremu irekitzat ulertuta. Serie horietan barruko egoeren adierazpena bilatzen dut, baita niretzat ezagutza eta esperientzia plastiko berriak ekarriko dituzten egoerak sortzea ere.»

Lau arte lan prestatu ditu Aitor Etxeberriak aurtengo Kinkea izeneko promozioen bitartez Etxerat Elkartearen behar ekonomikoei aurre egiteko. Morphosis seriearenak dira lau artelanak.  Udaberriko, Udako udazkeneko, Neguko promozioetarako banatuko direnak.

Beti bezala, 25€ren truke ilustrazioa jasoko duen bakoitzak, zozketa baten parte hartzeko boleto bat jasoko du. Zozketak notarioaren aurrean, aplikazio informatiko baten bitartez gauzatuko dira martxoaren 21ean, ekainaren 21ean, irailaren 21ean eta abenduaren 21ean. Banatutako boleto guztiak sartuko dira zozketa hoietan. Zozketa bakoitzean 20.000€ sari bat, 5.000€ ko 2 sari, 1.000€ 10sari, 300€ 40 sari eta 100€ko 60 sari zozketatuko dira. Informazio gehiago eta promozioaren oinarriak kinkea.eus en jaso ditzakezu.