ETXERAT (2022-VI-13). Euskal presoak birgizarteratzeko prozesuan Iruñeko espetxea betetzen ari den zereginari buruzko hausnarketa batek ekarri gaitu gaur hona. Egiaztatu ahal izan dugu Iruñeko espetxea euskal presoek arlo juridikoan eta espetxeen arloan egin beharreko bidea erabat oztopatzen ari den jarrera mantentzen ari dela. Iruñeko espetxeko zuzendaritzari eskatzen diogu espetxe-bidea ahalbidetzeko, oztopo izateari uzteko, euskal presoen eskubideak errespetatzeko eta jarrera proaktiboak izateko.

Etxeratek eta Sarek ikusi dugu Iruñeko espetxeko arduradunak jarrera proaktibo  urriena ere saihesten ari direla euskal presoek baimen arruntak izan ditzaten  edo 3. gradura igaro daitezen, legez hala badagokie ere. 

Gaur egun, zazpi euskal preso daude espetxe horretan, eta guztiek dute beteta  zigorraren erdia, eta ia guztiek bete dituzte kondenaren hiru laurdenak. EAEko espetxeak ez bezala, Iruñekoa estatutako espetxe-administrazioak  (SGIP) kudeatzen du oraindik ere. Beste gai batzuetan gertatzen denaren  antzera, inguruko beste espetxe batzuetan atzerapausoak edo ekimenik eza hauteman den bezala, Iruñeko zuzendaritza tematuta dago jarrera inmobilista batean, Eusko Jaurlaritzak kudeatutako espetxeek duten jardun-ildoaren kontrako bidetik. 

Sistematikoki, Iruñeko kartzelak ez du egin oraindik presoek eskatutako baimenen aldeko proposamenik, eta baimena ukatzeko erabaki horiek ezin dira atzera bota epaitegietan. Iruñeko espetxean, 2. graduan sailkatutako preso bakar batek ere ezin izan du baimenik eskuratu eta baliatu espetxearen ekimenez. Beste alde batetik, 3. graduan egon direnak edo daudenak jatorriko espetxeetako (Soria, El Dueso, Villabona) tratamendu-batzarrek hasitako proposamenen ondorioz daude egoera horretan. 

Egoskorkeria hori erabat eutsiezina da, eta, ondorioz, hasieran Iruñera  destinatutako EAEko preso guztiek Arabako eta Gipuzkoako espetxeetara aldatzeko eskatu dute, Nafarroako espetxean ez zeukatelako inolako aukerarik espetxe-bidean aurrera egiteko. Duela gutxi salatu dugu egoera hori. Euskal presoen eskubide den etxera itzultzeko bidea oztopatzen edo zailtzen duten gertaerak edo egoerak ematen direnean, salatu egingo dugu gizartearen aurrean, gure eskura ditugun baliabide guztiak erabilita. 

Horrez gainera, gaurko prentsaurreko hau baliatu nahi dugu gogoratzeko oraindik ere 85 preso daudela Euskal Herritik kanpoko espetxeetan. Ezin da ulertu zergatik ez den behin betiko baztertzen urruntze-politika, eta, beraz, zergatik ez diren falta diren preso guztiak haien jaioterrira hurbiltzen, legeak ezarritakoa betez. Egoera horren aurrean, Sarek eta Etxeratek adierazi nahi dugu lanean jarraituko dugula orain arte bezala, eta ez urruntzearen kontra soilik, gaur-gaurkoz espetxean baitaude gaixotasun larriak eta sendaezinak dituzten presoak, indarrean jarraitzen baitute kondenak luzatzeko sortutako legeak, ia bizi osorako kondenak dakartzatenak, eta, lehen esan dugun bezala, oraindik ere oztopoak jartzen baitituzte hirugarren gradura pasatzeko edo 
baimenak lortzeko. 

Jokabide horien helburua da herri honetan bizikidetzaren eta bakearen alde ematen ari diren urratsak eta adostasun guztiak oztopatzea. Iruñeko espetxeko zuzendaritzari eskatzen diogu espetxe-bidea ahalbidetzeko, oztopo izateari uzteko, euskal presoen eskubideak errespetatzeko eta jarrera proaktiboak izateko. Ez baikara ari onurez. Salbuespen-politika desagerrarazteaz eta lege arrunta aplikatzeaz ari gara. Eskubideez ari gara, legean jasota dauden eskubideez. 

Ildo horretan, gogorarazi nahi dugu ekainaren 18an (larunbata) Sare Herritarrak manifestazio bat deitu duela Etxera bidea gertu! lemapean. Iruñeko kaleak zeharkatuko ditu, 18:00etatik aurrera, Intsumisio parketik abiatuta, salbuespen- politikaren amaiera eskatzeko.