U8ko mobilizazioan parte hartzeko deia luzatu diegu Nafarroako herritarrei

ETXERAT (2022-IX-30). Gaurko agerraldi honen bitartez, urriaren 8an Donostian Sarek aurten egingo duen mobilizazio eta jaialdi berezian parte hartzeko deia luzatu nahi diegu Nafarroako herritarrei.

Astebete barru, “Etxera bidea gertu!” lelopean egun osoko egitaraua antolatu dugu adin tarte guztientzat aproposa, aldarrikapena eta jaia uztartuko dituena.

Egun hau bi mezu nagusi helarazteko antolatu dugu; Batetik, leloak dioen moduan, euskal presoak etxetik gero eta gertuago daudela eta herritarrok ere etxeratze prozesu hori gauza dadin gertu = prest gaudela. Gertutasun hori aurrerapauso garrantzitsua dela adierazi nahi dugu eta eskerrak eman bide horretan aktibo izan diren pertsona guztiei, guztion artean aurrerako urrats hori ospatuz.

Bestetik, lortutakoari garrantzia kendu gabe, oraindik ere salbuespenarekin guztiz amaitzeko bidea egiteke dugula gogorarazi nahi dugu eta herritarrok bide hori egiten jarraituko dugula erakutsi. Izan ere, Nafarroako datuei errepaso eginez, gerturatzeen ostean 18 dira Euskal Herriko espetxeetan dauden nafar presoak, baina oraindik ere lau herrikide geratzen diren Espainiako espetxeetan eta beste 3 Frantzian. Esan bezala, lortutakoari inolako garrantzirik kendu gabe, bidea egiten jarraitu beharra dugun Nafarroan ere, Euskal Herriratzeak guztiz gauzatu eta presoek dagokien etxeratze prozesua gauzatu ahal izateko. Zentzu honetan, Iruñeko espetxean izan diren aldaketen ostean, EAEn moduan, bide hori gauzatzeko aukerak ahalbidetzea espero dugu.

Bi mezu hauek helaraziz, Izan Bidea dinamikaren baitan gure buruei 3.127.326 km egiteko ezarritako erronkari amaiera emango diogu urriaren 8an. 11:00etan azken kilometroak egingo ditugu Donostiako Bulebarretik abiatu eta Pio XIIraino. Ondoren, Ilunbera eramango gaituen manifestazio koloretsu bati ekingo diogu, azkenik jaialdiari paso emateko.  

Sarek urriaren 8an Donostian urrunketaren aurka urte luzeetan elkartzen joan garen herritar oro batu nahi ditu. Hori hala, gaur Nafarroako Etxerateko eta Sareko kideok dei egiten diegu nafar herritarrei ere urriaren 8an Donostiara gerturatzeko, azken kilometroa egin, manifestazioan parte hartu eta Ilunbeko jaialdiaz gozatzeko. Berau errazteko, hainbat autobus zerbitzu ezarri ditugu herrialdean; Iruñerrian, Tafallan, Lizarran eta Sakanan hain zuzen ere.

Hemen duzue egitaraua https://sare.eus/ekimena/etxera-bidea-gertu-urriak8-donostia/