ETXERAT (2022-X-28). 33 urteko espetxealdia laster esaten da. Lerroburu laburra da, baina haren atzean Jon Kepa Parot eta Jakes Esnalen errealitatea ezkutatzen da. Oso motel ordaindu dute, bizitza erdiko zigorra pairatu dute, espetxean, erbestean edo deportazioan ordaintzen jarraitzen dutenek bezala, aspaldi bukatutako biolentzia aroaren ondorioen kontuak ordaintzen ari dira.

Plaza honetatik besarkada bero bat bidaltzen diegu Jon Kepari, Jakesi, bere senideei, bere lagun maiteei eta hurbilekoei. Haien askatasuna ez da erabatekoa, baina kartzelatik atera eta itzuli egin dira, eurenekin behintzat. Eta berri on hori, neurri handi batean, Ipar Euskal Herriko gizarte zibilaren, erakundeen eta herritarren mobilizazioari esker izan da, haien inplikazio eta lanarekin bien askatasuna behin betiko bideratzen lagundu baitute.

Beste 11 preso hurbilduko dituzte egunotan Euskal Herrira eta horrek poztu egiten gaitu. Urrunketarekin bukatzeko egindako mobilizazioa eta herritarren bultzadak bere fruituak ematen ditu. Ez da asko geratzen hala izan dadin, baina ez dugu erabat amaitu presoen urrunketarekin. Are gutxiago, gradu-aurrerapenen deuseztapen, baimenak jasotzeko debeku eta gainerako salbuespen-neurriekin. Era iraunkorrean, Espainiako Auzitegi Nazionalak, Fiskaltzaren bultzadaz, Tratamendu Batzordeek euskal presoen kasuan onartzen dituzten gradu-aurrerapenak edo espetxe-baimenak errekurritu eta bertan behera uzten ditu.

Haserrea baino ez digu eragiten Espainiako justiziak Xabier Atristainen eskubideak urratzeko erabili duen zentzugabekeriak: Espainiako Auzitegi Gorenak muzin egin zion Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren epaiari, zeinak ondorioztatu zuen preso donostiarrak ez zuela epaiketa justurik izan, eta orain Auzitegi Nazionala, baldintza guztiak betetzen zituelarik, Eusko Jaurlaritzak Atristaini emandako hirugarren gradua bertan behera utzi du. Gauza bera egin du orain Aitor Esnaolaren kasuan.

Euskal presoek haien ibilbide juridiko-penitentziarioaren aldeko apustuarekin jarraitzen dute, hori da errealitatea. Horren aurrean aldiz, Auzitegi Nazionalak tratamendu-batzordeen eta Eusko Jaurlaritzaren erabakiak geldiarazten ditu. Hori eta salbuespenezko legeria mantentzearekin batera, 7/2003 eta 7/2014 Lege Organikoak, hain zuzen ere, Europan ezagutzen ez diren espetxe zigor ikaragarriak betetzeko helburu bakarra dituztenak, eragotzi egiten du etxera itzultzeko bideari eustea.

Etxerako bidea betetzea da, hain zuzen ere, Sarek hilaren 8an deitu zuen mobilizazioaren eta Ilunbeko ondorengo jaialdiaren helburua. Bihotzez eskertu nahi dugu milaka lagunen parte-hartzea balio handiko gertakari batean, bidean jarraitzen dugula egiaztatzen baitu. Hau da, aurrera egitea, euskal gizarteak mobilizatzen jarraitzea, euskal preso, iheslari eta deportatu guztiek etxera itzultzeko prozesua egin ahal izan dezaten lortu arte. Guztion erantzukizuna delako eta, hori gabe, ezinezkoa izango delako bizikidetzan aurrera egitea herri honek egiteke duen etorkizunerantz.

Etxera bidean gertu!

Etxean eta bizirik nahi ditugu!